Barikuan, azaroaren 30ean, aurkeztu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak 2007-2011 Kudeaketa Plana. Agintaldirako dituen asmoen berri jaso du Aldundiak 120 orriko txostenean. Tartean aurkitzen da Elgetako saihesbidearen bigarren fasea egitea.
Azpiegituretako zerbitzu orokorrak hornitzea izenburu duen atalean jasotzen du Elgetako saihesbidearen bigarren fasea. Beste proiektu batzuen artean Aldundiak Kudeaketa Planean jasotzen du "oinarrizkoa dela Gipuzkoaren garapenerako azpiegitura berri hori planifikatu, diseinatu eta eraikitzea".
Foru Aldundiko prentsa arduradun Oskar Rekalderekin harremanetan jarrita esan digu goiz dela oraindik proiektuaren inguruko kostuaren zein epeen gaineko informazioa emateko. "Horrelako proiektuek luze jotzen dute", aurreratu du. "Lehenengo trazadura proiektua egin behar izaten da, jarraian eraikitze-proiektua. Gero, lana esleitu egin behar da eta azkenik obrak egin", adierazi du Rekaldek. "Une honetan trazadura proiektuarekin gabiltza", azaldu du.
Trazadura proiektua
Egitekoa den errepidea duela bi urte zabaldutako saihesbidearen lehenengo fasearen jarraipena izango da, Elorrio, Eibar eta Bergarako errepideak lotuko dituena, hain zuzen ere. Hala, auto eta kamioi gutxiago sartuko dira herri barruraino. Aurreko fasean Gipuzkoako Foru Aldundiak 1.300.000 euro inbertitu zituen obra horretan. Orain ikusteko dago trazadura proiektuak zer jasotzen duen eta, ondorioz, lanen aurrekontua zenbatekoa izango den.