Euskal Mendizale Federazioak presidente berria izango du zapatuan

Xabier Urtzelai 2009ko urtarrilaren 15a

Zapatuan erabakiko dute Elgetan datozen lau urteotan nork gidatuko duen Euskal Mendizale Federazioa. Presidente hautatzeko hauteskundeak egingo dituzte biharko batzar orokorrean, eta batzarreko ordezkariek bi hautagai izango dituzte aukeran: Txomin Uriarte eta Victor Ruiz de Gauna.

Lehenengo hautagaiaren taldean Antxon Bandres, Arantza Jausoro –orain arteko presidentea–, Javier Antunez eta Alberto Zerain egongo dira. Beste taldeari dagokionez, Victor Ruiz de Gaunaren taldean daude Luzio Alzaga, Agurtzane Gayo, Joseba Pueyo eta Iñaki Rojo.

Helburuen gainean
Euskal Mendizale Federazioak izan behar duen helburuen gainean, Uriarterendako azken urteotan egin den lana finkatzea izango da erronka nagusiena, eta lau urte barru EMF gidatzeko ardura hartuko duen talde gazte bat sortzeko ere egingo du lan.
Ruiz de Gaunak, berriz, klubetatik gertu egongo den federazioaren alde egin gura du, eta horretarako zona geografiko bakoitzean aldiro-aldiro batzarrak egitearen aldekoa da.

Ibarrekoen ikuspuntua
Bihar Elgetan aukeratzen dutena aukeratzen dutela, Debagoieneko bi mendi talderi, Besaide Mendi Taldeari eta Aloña Mendiko mendi sailari, eskatu dio GOIENKARIAk EMFko zuzendaritza talde berriari zer eskatuko liokeen azaltzeko: "Orain artekoa baino argitasun handiagoa kontu askotan", adierazi du Besaideko ordezkari Karmelo Bergaretxek: "Talante hobea eskatuko nioke presidente berriari, orain artekoaren jarrera ez zaidalako gustatu, eta elkarteei proiektuak garbi aurkezteko esango nioke".


Aloña Mendiko mendi sailak, berriz, eguazten arratsaldean egin zuen batzarra, eta besteak beste gai horren gainean egin zuten berba: "Bi gauza eskatuko dizkiogu guk. Lehena, ingurumen sail bat sor dezatela. Izan ere, autobideak, harrobiak, AHT... mendi zaletasuna sustatzen dugu, baina mendia bera zaindu egin beharko genuke. Hala EMFak gai horien inguruan jarrera garbia izan beharko luke", adierazi du Iñaki Igartuak: "Horrekin batera jendea federatzeko sistema errazago bat antolatu beharko lukete, klubek horretan egin behar dugun lana eta ahalegina arintzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak