Eguerdiko 12:00ak inguruan egin diete ongi-etorria herriko plazan mendizaleei; ondoren, pilotalekuan utzi dituzte gauzak eta han hartu dute lekua gaurko gaua pasatzeko.
90 lagun inguru dabiltza mendi ibilaldia egiten; gehienendako ez da lehenengo aldia. Sortzen den giro onagatik errepikatzen dute gehienek.
Bazkaria
Goizean goiz hasi dituzte Elgetan bazkarirako prestaketa lanak. Hain zuzen, goizeko ordu bietan jarri dute 240 kiloko txahala sutan, herri bazkaria egiteko.
Trontza txapelketa
Hori erretzen zuten bitartean, herri kirolen ikuskizuna egin duten ondoko kantxan. Euskal Herriko trontza federazioak eta Esaitek antolatuta Euskadiko trontza txapelketarako kanporaketa jokatu dute. Zazpi bikote lehiatu dira, eta horietatik seik eskuratu dute finalerako txartela.
Gaurkoan ondoen ibili direnak Barberena anaiak izan dira. Nafarrek bost minutu eta 12 segundo behar izan dituzte euren lana egiteko.
Kanporaketaren ondoren Esaitek antolatuta herri kirolen erakustaldia egin dute. Neskak trontzan lehiatu dira eta mutilak lokotx bilketan.
Nesken artean, Euskal Herriko trontza txapelketa irabazi izan duten Lourdes Intxausti eta Josune Gorostidi lehiatu dira Elgetan.
Behin herri kirolak amaituta herri bazkaria egin dute. Entsalada, txahala eta gazta izan dute. 150 lagun inguru batu dira bazkaritarako.
Mendi martxa Aramaiora iritsiko da egubakoitzean
Bihar, goizeko 8etarako irtengo dira mendizaleak Elgetatik Apatamonasterio aldera. Egubakoitzean, baina, ostera ere gurean izango dira. Egubakoitzean Apatamonasteriotik Aramaiora egingo du mendi martxak, Anbototik pasatuta. Duda barik, ibilaldiko etapa nagusia izango da.
Aramaion ongi etorria eta afaria egingo diete egubakoitzean.