Euskal Herriko dantzen ikastaroa antolatu dute umeendako

Larraitz Zeberio Lekuona 2009ko urr. 23a, 16:13
6-12 urte bitarteko umeendako da ikastaroa, eta izenematea zabalik dago udaletxean hilaren 27ra arte.

Aspaldi desegin zen Ozkarbi elkarteko dantza taldea. Ordutik ez da talderik herrian, baina Elgetako umeek Euskal Herriko dantzak ikasteko aukera izan dezaten nahiko lukete Maala guraso elkarteak eta Udalak. Hala, ikastaroak antolatzeko lanean aritu dira, eta deialdia egin dute 6-12 urte bitarteko umeendako.

Irakaslea, Patxi Montero

Eskolaz kanpoko jarduera moduan antolatzea proposatzen dute. Gutxieneko ikasle kopuru batek izena emanez gero asmoa da saioak astelehenetan 16:45etik 17:45era egitea eskolako ganbaran.
Herrian aurretik ikastaro bat baino gehiago emandako Patxi Monterok gidatuko ditu saiook, eta asmoa da ekintzarekin azaroaren 2an hastea.
Interesatuek udaletxean eman dezakete izena hilaren 27a baino lehen, bestela guraso elkarteak eskolan duen postontzira datuak bidaliz. Taldean egiteko dantzak landuko dituzte ikastaro horretan, zirkuluan egitekoak, gehienbat. Ikastaroaren prezioa hilean 12-15 euro bitartekoa izango da, ikasle kopuruaren arabera finkatuko dena.

Askotariko dantzak

Patxi Monteroren asmoa da Euskal Herri osoko dantza errazak umeei erakustea. Proposamenen artean daude Iparraldeko zazpi jauziak, Zuberoako Branlea, Paganoseko Txulalai edo Baztango Xanpetrike. Arrasateko Errementari dantza edo Abaltzisketako Txantxoak ere zerrendan daude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak