Etxebarrikua baserriko Teodora Arantzabalek 100 urte bete ditu

100 urte bete ditu gaur Elgetako Etxebarrikua baserriko Teodora Arantzabalek. Eibarko zaharren etxean bizi da eta gaur, etxekoen bisita ez ezik, Eibarko udaleko ordezkariena eta zahar etxeko langile guztiena jaso du. 1908ko Apirilaren 1ean jaio zen Teodora Arantzabal Elgetan; 100 urte bete ditu beraz, eta osasun paregabea du.

Ez ditu ez edonork 100 urte betetzen, eta are gutxiago Teodora Arantzabalek duen osasunarekin. Elgetako Udaixa baserrian jaio zen Arantzabal, baina berak dioen moduan, oraindik mantetan zegoela joan zen familia Etxebarrikua baserrira bizi izatera. Beraz, nongoa den galdetzen zaionean, ez du dudarik egiten eta bera Elgetako Etxebarrikua baserrikoa dela esaten du.

1908ko apirilaren 1ean jaio zen, erraz esaten da, baina gaur 100 urte bete ditu. Azaldu digu, Elgetan ez ezik, Berrizen edota Abadiñon ere bizi izan zela, baina azken 23 urteak daramatza Eibarko zaharren etxean bizitzen. Gaurko moduko egun berezia, etxekoen konpainia onean igaroko du. Eibarrera bertaratu dira eta Arantzabalen hilobak eta familiako beste ahaide batzuk. Teodorak, nola ez, oso gustura hartu ditu gaurko bisita guztiak.

Etxekoez gain, Eibarko udaleko ordezkariak ere izan dira hura zoriontzen. Zaharren etxean ere, gaur 7. solairura igotzea ezinbestekoa zen. Hango langile guztiak eta Arantzabalek bizikide dituenak ere izan ditu bisitan. Lore sortak gaur, nonahi aurki zitzakeen.

100 urte betetzearen sekretua neurrian jatea dela aitortu digu, berak ez duela inoiz neurri gabe jan, eta ez duela inoiz betekadarik izan.

Osasuna ez zaio falta Arantzabali, primeran dago. Beste kontu bat ere aitortu digu; bere bizitza guztian behin baino ez du ile apaindegi bat zapaldu. Oraindik, 100 urterekin ere, berak hartzen ditu artaziak eta berak mozten du ilea.

Gaur han elkartu direnek, elkarrekin egin dute bazkaria zaharren egoitzan bertan. Baina asteguna izanda familia guztia elkartzea zaila denez, Arantzabaltarrek, domekan ospatuko dute Teodoraren urtebetetzea, Eibarko jatetxe batetan egingo duten bazkarian.  Ilusio handia du egun horretarako.

Zorionak Teodora, 100 urte bete eta gainera horren ondo betetzeagatik!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.