Elgeta Piel dendako ateak itxita jarraituko dute luzaroan. Bizitza osoa eman du saltzaile lanetan Kontxi Ibarluzeak, baina oraingo honetan aurrera jarraitzeko animurik ez zaiola gelditzen aitortu du. Beldurtuta dagoela adierazi du "lapurretekin eta krisiarekin". Bi urteko epean bi aldiz egin diote lapurretan. "Oraingoan ere lapurrek ez dute arrastorik laga. Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du, baina uste dut ez dugula ezer lortuko. Ondo antolatutako lapurrek egindako lana izan da, eta dagoeneko auskalo non dauden gure jantziak!". Amaitu da, beraz, zortzi urtez zabalik egon den Elgeta Piel.
Etorkizunarekin kezkatuta
Denda txikien etorkizuna kezkaz ikusten du Ibarluzeak. "Zentro handiei erraztasun guztiak eman dizkiete agintariek, dena bandejan. Eta gu txikiak gaizki gabiltza", esan du Ibarluzeak. "Jendeak kanpora joateko ohitura hartu du, eta orain, ikasi dute bidea. Ez dakit zer gertatuko den denda txikiekin. Zentro handi larregi dago, gainera".
Bizitza osoa merkataritzan
Umetatik jardun du Kontxi Ibarluzeak denda bateko mostradorearen atzea. Amak Elgetan oso ezaguna izan zen Enkarna denda izan zuen. "Eskolatik irten eta dendara joaten nintzen ni", gogoratzen du Ibarluzeak. "Gurasoen dendan, gainera, neurrira egindako jertseak egiten genituen eta ni egiten genituen saltzaile lanak gurasoek jertseak egiten zituzten bitartean". Gerora, Ugari denda zabaldu zuen Kontxik. "Larrugintzan beranduago hasi nintzen. Larruzko arropak saltzeko hiru denda egon ziren Elgetan. Niri lokala eskatu zidaten eta adostu genuen nik bertan lana egitea. Asko saldu genuen. Marokotik ekarritako arropak ziren. Gero, zabaldu nuen Elgeta Piel. Ondo saldu dut. Pozik egon naiz. Asmoa nuen 5-6 urte egitea eta 8 egin ditut, baina orain ez dut atzera ere zabaltzeko animurik".