Estatu Fondotik espero diren 113.513 euroak zertan erabili aztertuko dute

Larraitz Zeberio Lekuona 2009ko abenduaren 11

Abenduko hirigintza batzordea hilaren 14an egingo dute. Bertan aztertuko dute Espainiako gobernutik espero den dirua zertan inbertitu.

Espainiako gobernuaren Tokiko Inbertsioetarako Estatu Fondotik 113.513 euro espero ditu datorren urtean Elgetako udalak. Diru horrekin zein proiektu bultzatzea gustatuko litzaizuke?  Udal ordezkariek abenduko hirigintza batzordean aztertuko dute gaia. Oxel Erostarbe alkateak herritarren iritzia eskatu du Plaza barrenian bere blogean. "Gure taldean hasi gara proposamen desberdinak lantzen. Gurako nuke jakin zure iritzia. Zer inbertsio egingo zenituzke diru horrekin?", irakur daiteke blogean. "Bururatu ahal zaizun dena ezin da egin diru laguntza horrekin, baina ideia gehienak aurrera eramateko modua topatu daitekeela uste dut".

Iaz teilatuak konpondu ziren

Aurten, 2009an, kiroldegiko eta Bolatokiko teilatuak konpondu dira Madrildik etorritako diruarekin, baita udaletxeko teilatua eta hormak ere. E-planaren bigarren edizio honetan etorritako diruarekin osasun etxeko atea egokitu daiteke, Bolatoki ondoan zaharkituta dagoen haurrendako jolasparkea berritu daiteke edo udaletxeko leihoak aldatu daitezke. Erabakia hartzeko dago, baina laster hartu behar da epe bat dago-eta horretarako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak