Elgetako guraso elkarteak Udaberri Festa antolatu du. Zapatuan, hilak 26, egingo dute goizez eta arratsaldez. "Eskola Txikien egunean antzerako gauza bat antolatu genuen, baina lehenengo aldia da Elgetan Udaberri Festa egiten dela", adierazi du guraso elkarteko kide Amaia Iribarrek. "Umeendako ekintza bat antolatzea zen gure asmoa. Landare azoka egingo dugu goizean plazan eta ohe elastikoak egongo dira arratsaldean frontoian".
Egitarau zabala
Landare azokari 10:00etan emango diote hasiera. Bertan loreak erosteko aukera izango dute herritar guztiek. Umeek loreak landatzeko aukera izan dezaten loreontziak ere egongo dira erabilgarri. Hamarretakoa egiteko ogitartekoak eta etxean egindako pastelak ere salgai ipiniko dituzte. Plazan, gainera, mural handi bat izango dute umeek udaberriko irudiak margotzeko. 16:00etatik aurrera, berriz, gurasoek ohe elastikoak jarriko dituzte frontoian.