Eskolako umeek 15:15ean emango diote hasiera mozorro desfileari

Larraitz Zeberio Lekuona 2009ko ots. 19a, 19:12
Barikuan, hilak 20, ospatuko ditugu Aratusteak Elgetan. Mozorro desfilea, jokoak, txokolate-jana, buruhandiak, disko-festa, herri afaria eta kontzertuak egongo dira, besteak beste.

Hemen dira Aratusteak. Lehenengoak mozorroak kalera ateratzen Herri Eskolako umeak izango dira. 15:15ean hasita mozorro desfilea egingo dute herriko kaleetan barrena. Eskolatik irten eta Domingo Iturbe kalerantz egingo dute. Kantoikuan buelta eman eta San Roke kaletik behera plazara iritsiko dira. Mexikarrak, errusiarrak, brasildarrak eta eskoziarrak ikusiko ditugu desfile horretan. Munduko musikak aukeratu dituzte aurten eskolakoek Aratusteetarako eta Herriko plazan egunotan ikasitako kantuak eta dantzak erakutsiko dituzte desfilea amaitutakoan.

Jokoak plazan

Jarraian, eta Udalak antolatuta, 'Altxorraren bila' jokoa egingo dute leku berean 16:15ean hasita. Maala guraso elkartearen eskutik txokolate-jana egongo da eta arratsaldea borobiltzeko Udalak buruhandiak ipiniko ditu. Eguraldi txarra eginez gero ekitaldi horiek guztiak Espaloian egingo direla jakinarazi dute antolatzaileek.
     Azkenik, 19:00etan hasita, gaztetxoendako disko-festa antolatu du Udalak Espaloian. Ama Lur taldeak egingo du dantzaldi hori. Herriko ume guztiak daude bertan parte hartzera gonbidatuta.

Herri afaria eta kontzertuak

Gauerako, berriz, herri afaria antolatu dute gaztetxekoek. Marokoar menua prestatuko dute eta lerrook idazterakoan 18 lagun zeuden izena emanda. Afariaren ostean eta Aratuste gaua girotzeko kontzertuak egongo dira Gaztetxean. Besteak beste, Trapatoni Circus Band taldeak egingo du emanaldia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak