Elgetaklik argazki lehiaketako lanak jaso eta epaitu ostean, domekan jaso zituzten sariak lehenengo hiru sariak irabazi dituzten argazkilariek. "Elgetako zure txokorik maiteenak" zen lehiaketako gaia, eta guztira bederatzi parte-hartzaileren lanak jaso dituzte.
Julio Calleja argazkilaria zen epailea, eta Josetxo Arantzabalen laguntzaz aukeratu ditu hiru lan onenak: Erlantz Untzetabarrenetxearen Beizuko bidea, Gorka Guridiren Mendiak elurretan, eta Nerea Arantzetaren Hostuak farola artian. Ikatz argazki dendetan gastatzeko 150, 100, eta 75 euroko bonoak jaso dituzte, hurrenez hurren. Bestalde, aipamen berezia jaso du Xabi Zabalak.
Argazkiak plazan izan ziren jendaurrean domekan, eta asteon tabernetan ipiniko dituzte. Antolatzaileek nahi dute hurrengorako jende gehiago anima dadin lanak aurkeztera.