Energia kontsumoa gutxitzeko eskolan landutako proposamenak udaletxera eraman dituzte haurrek

Larraitz Zeberio Lekuona 2010ko api. 29a, 12:12
Atzo, Agenda 21 programaren barruan eskolako umeak osoko bilkuren aretoan izan ziren. Udal arduradunei energia kontsumoa gutxitzeko hainbat proposamen egin zizkieten.

Atzo, eguaztena, saioa berezia izan zuten entzungai Elgetako udal arduradunek. Herri eskolako 60 bat neska-mutikoren bisita izan zuten. Agenda 21 programaren barruan egindako azterketaren ondorioak aurkeztu zituzten Oxel Erostarbe alkatearen eta Rebeka Ubera zein Patxi Basauri zinegotzien aurrean. "Konturatu gara energia kontsumo altuak ditugula", esan zuten, "eta egoera hobetzeko konpromisoak hartzeko prest gaude". Berogailua, argia eta ordenagailua behar ez dituztenean itzali egingo dituztela adierazi dute. Gainera, konpromisoa hartu dute ahal den neurrian garraio publikoa, bizikletak edo patineteak erabiltzeko. Iturriak garbi mantentzeko ahalegina ere egingo dutela esan dute.

Eskaerak Udalari

"Udaletik neurri ezberdinak bideratu daitezkeela ikusi dugu", esan dute. Energia iturri berriztagarriak gehiago erabiltzeko ahalegina egiteko eskaria egin dute. Eskolako berogailuek errebisioa behar dutela esan dute. "Batzuk apurtuta dute ixteko botoia eta termostatoa ipini daiteke energia aurrezteko". Eskolako txorrotetan, berriz, ura aurrezteko gailuak ipintzeko eskatu dute.
Herriko farolen egoera ere aztertu dute. Torrealdean gehiegi daudela ondorioztatu dute, plazan gutxi daudela uste dute, eta kantxan argia ipintzeko eskatu dute. Herriko iturrien egoerak ere azterketa bat behar duela uste dute.

Udalaren erantzuna

Egindako lana eskertu eta jasotako proposamenak kontuan hartuko dituztela erantzun die neska-mutikoei Oxel Erostarbe alkateak. Arduraz jokatzeko eskaera ere egin die, ordea, "denon ardura delako herriko farolak eta iturriak zaintzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak