Astelehenean bertan Uriburun argi mozketa egin zuten, Iberdrolak transformadoretik hartzea egin eta etxebizitza berrietarako argindarra emateko.
Okupaziorako baimenen harira, Elgetako Abertzaleak udal taldeak maiatzaren 29ko udalbatzarrean ardura azaldu zuen atzerapenarengatik: "Hirigintza batzordeburuari epe zehatza emateko eskatu genion. 20-30 eguneko epean beharrezko baldintza guztiak beteko zirela agindu zigun. Ekainaren 29a pasa da eta espaloiak amaitu gabe daude tasatutako etxebizitzen aurrean, ez dago argindarrik..."
Elgetako Abertzaleak udal taldeak hauxe dio: "Beste behin ere alkateak eta Elgetako Aralarrek ez dute hitza bete". Bizilagunen kexak direla-eta ekainaren 26ko osoko bilkuran lehen okupaziorako baimena ematearen aldeko botoa eman zutela diote: "Larregizkoa delako zortzi hilabeteko atzerapena eta nahikoa sufritu dutelako bizilagunek".
Elgetako Aralar-Independenteak taldeak, Elgetako Abertzaleek hedabideetan esandakoei erantzunez, hainbat argibide eman ditu. Jakinarazi du otsailaren 11ko Hirigintza batzordean esan zuela "urbanizazio lanei hasierako harrera egiterakoan, lehenengo harreratik kanpo geratuko zirela tasatuen partzela eta partzelaren inguruko urbanizazioa". Gaineratu du hurrengo hilabeteko Hirigintza batzordean argitu zuela. "Batzordean EAJ-EAko ordezkari Joseba Muxika zegoen eta ez zuen eragozpenik ipini. Batzorde horretan Hirigintza batzordeburuak azaldu zuen proiektuak ez duela jasotzen tasatuetatik datorren espaloia Kantoikotik datorren espaloiarekin lotzea". Hori guztia apirilaren 3ko udalbatzarrean onartu zutela ere badio.
Aralar-Independenteak taldeak dio hilabeteak daramatzatela "proiektuaren gabeziak konpontzen eta proposamenak egiten: espaloien arteko lotura, kaleko altzari merkeagoak, San Roke ostea egokitzea, transformadorea... EAJ-EAk ez dezala ahaztu transformadorearen gaia izan dela Uriburuko etxebizitzak atzeratzearen arrazoi nagusia eta elgetar guztion diruarekin ordaindu dugula bere arduragabekeria".
Bestalde, zera diote: "Espero dugu epe motzean Uriburun etxebizitza erosi dutenak bertan bizitzen ipintzea".