Elikaduraren gaineko heziketa tailerra egin dute eskolaumeek

Larraitz Zeberio Lekuona 2009ko urr. 7a, 12:21
Maitane Arrondo dietetika aditu bergararrak ondo gosaltzeak duen garrantzia azpimarratu zien.

Kutxaren gaztetxoen elkarteak Gipuzkoako ikastetxeendako antolatzen dituen jardueren barruan, Maitane Arrondo dietetika adituak heziketa tailerra egin du atzo, martitzena, Elgetako eskolaumeekin. Joko didaktikoen bitartez elikadura osasuntsu baten ezaugarriak zeintzuk diren azaldu zien lehenengo eta hirugarren zikloko umeei.
     "Akatsik handiena da gosari pobrea egitea edo ez gosaltzea", adierazi zuen Arrondok. "Osatua izateko gosari batek esneki bat, zereal bat eta fruta bat izan behar ditu, eta hori guztia ondo jateko 20 bat minutu behar dira. Konpainian bada, askoz ere hobeto jaten dute umeek". Arrondok uste du denbora falta dela arazo nagusia. "Umeek imitazioz ikasten dute. Guk ez badugu gosaltzen, umeak ere ez du ikasiko".

Merienda egokia

Meriendaren garrantzia ere azpimarratu zuen adituak. "Ume batek lauzpabost jatordu egin beharko lituzke egunean. Jaten duenaren %60a goizetik eguerdira bitartean jan beharko luke. Gainerakoa, %40, arratsaldetik ohera joan bitartean. Zer gertatzen da? Alderantziz egiteko joera dugula".
Meriendari buruz esan zuen umeendako egokiena fruta eta ogitartekoak direla. "Gipuzkoa osoan ibiltzen gara, eta generalizatzea txarra bada ere ikusten duguna da herri txikietan ohitura gehiago dagoela ogitartekoa emateko. Herri handietan umeei dirua ematen zaie, eta nahi dutena erosten dute". Dena den, argitu zuen, akatsa ez dela opilak jatea. "Produktu industrialek koipe asko dute, eta koipe horren kalitatea ez da onuragarriena. Opil horiek etxean ere egin daitezke, eta kasu horretan koipearen kalitatea guk aukeratu dezakegu".
     Goiena telebistako ekipo bat 5-6 urte bitarteko umeei eskainitako heziketa tailerrean  izan zen, eta erreportajea emango dute martitzenean, hilak 13, 19:45ean hasiko den magazinean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak