Elgetatik Afrikara motoan

Irati Agirreazaldegi 2009ko abe. 21a, 13:23
Egunotan egin duen hotzarekin motoan ibiltzea ez da gero broma. Bero apur baten bila-edo abenturari ekingo dio Bixente Askasibar elgetarrak abenduaren 27an. Motoan egingo du Elgetatik Afrika barrenerako ibilbidea.

Bidaia zalea da Bixente Askasibar elgetarra, baita Afrika zalea ere. Makina bat bidaia egin ditu hara eta oraingoan motoan joango da. "Unai Artaloitia zornotzarra eta biok joango gara. Iaz Afrikan ibili ginen furgonetan, eta motoa probatzeko aukera izan genuenez aurten abenturari heltzea erabaki dugu", esan digu Bixente Askasibarrek.
Kostako ibilbidea egingo dute, zailtasun gutxien duena. Elgetatik abenduaren 27an abiatuko da  eta Mauritaniako mugan elkartuko da Unairekin. "Gauzak nola dauden ikusita, elkarrekin pasatzea hobea da, ausartak gara baina kontuz ibiltzea beti dago ondo".

Mauritaniatik, Senegalen barrena Ginea Bissaura joango dira, han gelditu motoen olio aldaketa egiteko. Ondoren, Mali, Burkina, Togo eta Nigeria igaroz Kamerunera arteko bidea egingo dute eta gurpilak aldatu eta motoa gertu ipinita beherako bidea hartuko dute pixkanaka bidaia Cape Town-en amaitu arte.
Bi hilabete behar dira gutxi gorabehera ibilbidea egiteko baina eurek bi hilabete eta erdi egingo dituzte. "Bisaturik-eta ez dugu hemendik eramango eta han ateratzeak denbora eskatzen du. Nik 40 argazki eramango ditut badaezpada agirietarako".

Prestakuntza

Turismo apur bat egitera eta abentura bila doaz Afrikara. "Afrika gustuko dugu. Da kontinente bat jende gutxi ibiltzen dena. Parajeak gustatzen zaizkit, baita ere gauza gutxirekin nola bizi diren ikustea", dio Bixente Askasibarrek.

Motoan bidaiatzeko ondo prestatu beharra dago. "Gauzak trankil hartzen ikasi behar da. Motoak zaharrak dira eta erraza da konponketak egitea. Baina motoak 24 litro ditu eta guk beste 10 eramaten ditugu, horretaz gain, ordezko gurpilak, materiala, jatekoa, mapak, kanpin denda…

Bi gurpilen gainean Elgetatik Afrikara. Horretarako, ausarta eta bidaia zalea izan behar da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak