Elgetarrak baserritarrez jantzi ziren jaietako herri egunerako

Arritxu Barruso 2008ko uzt. 6a, 22:01
Ferixa Nagusiko jaiak jendetsuak izan dira aurten eta herritarren parte-hartzea handia izan da. Egubakoitzean mozorrotuta hasi zituzten jaiak elgetarrek. Urtero moduan mozorro jaitsiera egin zuten Salbador kaletik herriko plazara. Herri afarian ere jende mordoa ugari bildu zen.

Zapatuan asto lasterketa egin zuten, baina, euria zela-eta ibilbidea aldatu behar izan zuten. Mikel Beretxinaga izan zen irabazlea. Joan urtean ere berak lortu zuen lehenengo postua. Lapurdi baserriko astoak irabazi du aurtengo lasterketa. Ezaguna baita Lapurdi baserriko eta Sesto baserriko astoen arteko pikea.

Eguerdian herri bazkaria izan zuten. Udalak 500 lagunentzako paella erraldoia prestatu zuen eta guztia jan zen. Saiheskia ere 180 pertsonendako egin zuten eta ez zen saiheski bakarra geratu jan gabe. Zapatuan herri eguna dute Elgetan, eta egun hori indartzea zen Udalaren helburua. Esan daiteke lortu zutela helburu hori. Jendeak ongi erantzun zion baserritarrez janzteko eskariari eta zapaturako antolatutako ekitaldietan jende ugari elkartu zen.

Herriko elkarteek egitarauan parte hartzea zen Udalaren beste erronketako bat. Hori horrela, Goibeko euskara elkarteak banatu zuen herri bazkariko paella eta erretiratuek, berriz, kafea banatu zuten.
Ferixa Nagusia ere ondo joan zen, loreak, barazkiak, txakolina edo eztia saltzen zuten postu dezente aurten ere. Baina nobedadea, aurten, idi probak izan dira. Elgetako azoka ezaguna da idiak egoten direlako bertan. Hori horrela, aurten idi proba eta guzti izan dituzte Ferixa Nagusian. Jendeak gustura ikusi zuen proba.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak