Francisco Franco Bahamonde Elgetako ohorezko alkate da oraindik ere. Diktadorea hil eta 33 urtera indargabetuko dute izendapen hori gaurko osoko bilkuran.
Aurreko astean salatu zuten Debagoieneko Fusilatuen eta Senitartekoen eta Lagunen Batzordeak, eta Intxorta 1937 Kultur Elkarteak diktadorea oraindik ere ohorezko alkate zela Debagoieneko zenbait herritan. Arrasate eta Aretxabaleta aipatu zituzten orduan egindako ekitaldian eta herri horietan Udalbatza bereziak deitzeko eskaera egin zuten lehenbailehen izendapen horiek indargabetzeko.
Ohorezko alkatea 1949tik
Elgetan artxiboetara jo dute eta konturatu dira Francok, hain zuzen, herriko ohorezko alkate karguan jarraitzen duela. 1949ko abuztuaren 20an izendatu zuten Bartolome Elkoro alkate zela.
Udaletxean aurkitzen da pleno horretako akta. Ez da oso ondo ikusten, baina antza denez orduko zinegotzi gehienak ez ziren izendapena onartu zen osoko bilkuran hartan egon.