Elgetako Udalari 4,71ko nota jarri dio Kontseiluak

Larraitz Zeberio Lekuona 2007ko mai. 14a, 13:01
Elgetak 0-10 tarteko neurketan 4,71 puntu lortu ditu eta Kontseiluak egindako neurketaren 22. postuan dago. Aurretik ditu, esaterako Irun, Hernani eta Ordizia. Barikuan aurkeztu zituen datuok Kontseiluko Mikel Balentziagak eta aipatzekoa da ez zela udal ordezkaririk ekitaldira agertu.

"Elgetako Udalak hein handi batean euskaraz funtzionatzen du", esan du Balentziagak, "baina ez du funtzionamendu hori legez arautzen duen ordenantzarik egin oraindik".

Udal-ordenantza falta

"Udal-ordenantza euskaldunen hizkuntza eskubideak babesteko egin behar da", azaldu du Balentziagak. "Orain euskaraz funtzionatzen du Udalak, baina egunen batean kontrakoa egitea erabakiko balitz Elgetako euskaldunek ez lukete inongo babes juridikorik edukiko".

Alde positiboak eta hutsuneak

Kontseiluko ordezkariaren esanetan, Elgetan, zenbait gauza ondo egiten ari dira. Esaterako, Udalaren atal guztiak euskaraz ari dira eta heldu zein haurrek kirola euskaraz praktikatzerik dute. Haurrendako aisia, gainera, euskara hutsez eskaintzen da.

Hutsuneak ere antzeman dira, ordea. "Udalaren komunikazioa neurri handian euskara hutsez egiten bada ere ez da berau arautzen duen erabakirik", esan du Balentziagak. "Udalari aholkularitza juridikoa eta teknikoa eskaintzen dioten enpresei ez zaie txostenak euskaraz aurkeztea exijitzen eta Udalak ez du egitasmorik enpresen euskalduntzean eragiteko".

Kontseiluko Mikel Balentziagaren esanetan arau hauek idatziz jasoz gero nabarmen igoko litzateke Elgetako Udalaren hizkuntza politikaren nota.

Neurketa hau hiru bat urte barru berriz egitea da Kontseiluaren asmoa. Orduan ikusiko da Udalak aurrera edo atzera egin duen euskara kontuetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak