Domekan jokatuko da Elgetako Mendi Kriteriumaren 25. edizioa. Tropela 10:00etan abiatuko da eta antolatzaileek finkatutako ordutegia betetzen bada lehenengo txirrindularia 13:00ak bueltan izango da helmugan. Areitio, Asentzio bi bider eta Elgeta dira ibilbideko mendateak. Lasterkariak 11:30ean eta 12:15ean ere pasako dira Elgetatik, baina saihesbidetik bietan ere.
Herri bazkaria
Elgetako Txirrindulari Elkarteak antolatu du 25 urteotan Mendi Kriteriuma. Eginkizun honetarako sortu zuten elkartea, eta azken urteotan errelebo eske aritu dira lasterketa hori antolatzeko zama eraman dutenek. Duela pare bat urte lasterketa bertan behera uzteko arrizkuan ere egon zen. Kontuak kontu, baina, 25 urte betetzera iritsi da eta ospatzeko Herri bazkaria egingo dute domekan, hilak 19, Espaloia Kafe Antzokian.
Zigilu erakusketa
Erakusketa ere ipiniko dute kultura etxean. Zapatuan eta domekan egondo dira ikusgai Luis Mari Aristegiren 500 bat zigilu, guztiak txirrindularitzarekin lotutakoak. Erakusketaren ordutegia honakoa izango da: zapatuan 11:00etatik 13:30ra eta 17:00etatik 20:00etara; domekan, berriz, 10:00etatik 14:30era.