Elgetako fronteko leku esanguratsuak ezagutzeko txangoa antolatu dute domekarako

Larraitz Zeberio Lekuona 2008ko apirilaren 22a

1937ko apirilaren 24an jausi zen Elgetako frontea. Urteurrena ospatzeko, domekan, 11:00etan plazatik abiatuta frontearen posizio garrantzitsuenak ezagutzeko txangoa egingo dute. Bi lore eskaintza ere egingo dituzte.

Elgetako Udalak 1937 Intxorta kultura elkartearekin batera mendi txangoa antolatu du domekarako.
"Plazatik abiatuko gara 11:00etan", adierazi du Jesus Gutierrez historialariak. "Asentziora igoko gara oinez eta bertan lore eskaintza egingo dugu Intxortako Atea izeneko eskulturan". Mendiz mendi jarraituko dute ibilaldia frontea non kokatuta zegoen bertatik bertara ikusteko. Euskarazko azalpenak emango ditu 1937 Intxorta kultura elkarteko kide batek lubakien eta puntu estrategikoen kokapena erakusteko. Esaterako, La Belga izeneko kokapenera joango dira. Bertan, Belgikatik etorritako internazionalista talde batek defentsa lan garrantzitsua egin zuen. Ihesaldia zelakoa izan zen ere azalduko dute adituek domekako irteeran.
Ansuategi baserri ingurura ere iritsiko dira. Duela hiru bat urte hobi bat topatu zuten bertan non fusilatutako lagun batzuen gorputzak agertu ziren. Itzuleran, Salbador ermitara egingo dute. Gerran hildako zibilen omenezko harrian lore eskaintza egingo dute azkenik.

Deialdi zabala

Irteera zabalik dago interesatu guztiendako. "Duela bi urte gauza bera egin genuen Eibarko frontearekin eta ekimenak arrakasta handia izan zuen", adierazi du Gutierrezek. "Ez da gauza berdina gertaera horiek liburuetan irakurtzea edo terrenoan ikustea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak