Elgetako Espaloia bete egin zen mendizaletasuna saritzeko

Arantzazu Ezkibel Galdos 2007ko mar. 19a, 11:29
Euskal mendizaletasunak merezitako gala izan zuen egubakoitzean, Elgetako Espaloia antzokian. Urtarrilaren 26an egin behar zen gala, baina, elurrarengatik, atzeratu egin zuten. Egubakoitzean, baina, galak ez zuen inolako oztoporik izan.

Harrera eta proiekzioa

Aurreikusitako orduan hasi zen ekitaldia: arratsaldeko 6:30ean,  Elgetako musika eskolako haurrek kontzertu txiki bat eskaini zuten. Ondoren, Adolfo Madinabeitia mendizalearen bideo proiekzioa ikusteko aukera egon zen Espaloian. Pakistanen grabatutako irudiak eskaini zituen Madinabeitiak.

Poliki-poliki, Espaloia antzokia bete egin zen; han ziren sarituak eta Euskal Herriko Federazioko ordezkariak. Baita diputazioko ordezkariak ere; tartean, Iñaki Ugarteburu Gipuzkoako Diputazioko Kirol zuzendaria.

Proiekzioaren ondoren, sari banaketarekin hasi ziren.

Bederatzi sari

Aurkezle lanetan, Aitor Elduaien irrati esataria aritu zen. Hark aurkeztu zituen, banan-banan, saritu guztiak. Sariak banatzera, Arantza Jausoro, federazioko presidentea, eta Pako Iriondo, presidente ohia, igo ziren.

Guias Vascos de Montaña argitalpena, Arantza Lazurtegi, Iker Karrera, Izaskun Zubizarreta, Xabier Altzola eta Alberto Zerain, Patxi Usobiaga, Alberto Morais, Gipuzkoako Kutxa eta Patxi Basauri, Elgetako alkatea, izan ziren sarituak.

Horren ondoren, Pyrenaica sariak banatu zituzten: mendiko argazki sariak, mendiko artikuluei sariak eta Pyrenaica lagunak sariak. Amaieran, saritu guztiek taldeko argazkia atera zuten.

Euskal mendizaletasunaren festa borobiltzeko, Elgetako abesbatzak emanaldia egin zuen. Horren ondoren, sarituek batera afaldu zuten Espaloian bertan. Ekitaldia amaitzeko modu bikaina izan zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak