Badira bi urte Garbiñe Ormaetxeak Salbador kaleko arrandegia itxi zuenetik. Ordutik, eguen goizetan soilik eros daiteke arrain freskoa Elgetan. Elorrioko arrain saltzaile batek furgonetan ekartzen duena, alegia.
Badirudi laster izango dugula atzera arrandegia herrian. Puri Piñeiro eibartarrak agertu du negozioa martxan jartzeko intentzioa. "46 urte ditut eta langabezian gelditu naiz Eibarko merkatu plazako Dominguez arrandegia itxi dutenean", adierazi dio GOIENKARIAri. "Elgetako lokala ikusi dut eta txikia bada ere nahikoa iruditzen zait lehenengo pausoak emateko".
Abenduaren 11n zabaldu gura du arrandegia Piñeirok Gabonak data onak baitira arrain salmentarako. Bere asmoa da arraina Mercabilbaotik ekartzea eta arrandegia martitzenetik zapatuetara zabaltzea, goizeko ordutegian. Inaugurazioa ere egin gura luke behin lokala txukundu eta bere beharretara egokitu ostean.
Udala tramiteak egiteko prest
Elgetako Udaletxean pozik hartu dute albistea eta prest agertu dira negozio berri hori martxan jartzeko tramite guztiak lehenbailehen egiteko. "Udaletxetik ahalegin guztia egingo dugu burutu beharreko tramite guztiak lehenbailehen egin eta lizentzia emateko", azaldu du Oxel Erostarbe alkateak. "Garrantzitsua iruditzen zaigu herriak dituen zerbitzuak areagotzea. Hortik aurrera herritar guztion esku egongo da komertzio hori eta herriko gainerako guztiak bultzatu eta mantentzea".