Elgetako Abertzaleak kezkatuta, Udal Gobernuak hartutako hainbat erabakirekin

Goiatz Arana Begiristain 2010ko mar. 10a, 15:30
Pertsonal sailarekin lotuta hartutako erabakiek eragin diete kezka gehienbat, "herritarrentzako gain-kostua eta kirol arloan atzera egitea" ekarri duelako horrek, taldeko kideen esanetan. Eta galdetu dute ezkerreko alderdi batzuek aurrera eramateko ze pertsonal politika den hori.

Kezka agertu dute goizean Iñaki Ugarteburuk eta Patxi Basaurik –Hamaikabat eta EAJren izenean– eta bi adibide jarri dituzte:

  1. Lehena: udal aparejadorea zena kaleratu eta haren tokia betetzeko beste pertsona bat hartu izana. Erabaki horren harira izandako epaiketa galdu egin du Udalak eta horrek suposatu duen kostua –53.000 euro– elgetarrak ari dira ordaintzen, Ugartebururen hitzetan.
  2. Bigarren adibidean azaldu dute lehen teknikari t'erdik egiten zituzten lanetarako soilik erdi bat dagoela orain. Hau da, lanaldi erdira dagoen pertsona bat arduratzen dela gaur egun hezkuntza, euskara, kultura, turismo, jai eta kirol kontuetaz. "Horren  eraginez, atzera egin du herrian kirol dinamika bultzatzeko martxan jarritako Egoki taldeak; bide onetik zihoan eta erdi hilda dago orain", Elgetako Abertzaleak taldeko ordezkarien iritziz. Eta atzera pausoak ikusten dituzte eskola kirolean ere: "Parte-hartzea jaitsi egin da eta gurasoen inplikazioa galdu".

Aurrekontuaren alde bozkatzeko arrazoiak

Duela hamabost egun onartutako udal aurrekontuari ere egin diote erreferentzia. Faltan botatzen dute eurek proposatutako aldaketa batzuk –Berraondokoa industria-gunearekin eta Artekaleko uralitazko fatxadekin lotuta aurrera pausoak ematea edota kiroldegiko gimnasioan isolamendu egoki bat egitea– onartu ez izana. Baina pozik daude, eurek proposatu moduan, diru partidak onartu direlako Elgetatik Asentziora bidegorria egitea aztertzeko, Domingo Iturbe Patronatuari irtenbide bat emateko estudio bat egiteko edota udal langileen formazioa berrezartzeko. Horregatik eta krisi garaian gaudelako babestu zuen Elgetako Abertzaleak taldeak 2010eko aurrekontua. Kritika bat ere egin dute, ordea: "Aurrekontuan 135.000 euroko kreditu bat sartu dute eta, horrekin, Udalaren zorpetze-maila %16ra heltzen da; aurreko agintaldikoaren bikoitza hori".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak