'Elgetaklik' lehiaketara argazkiak aurkezteko epea martitzenean, hilak 13, amaituko da

Larraitz Zeberio Lekuona 2009ko urriaren 9a

Epaimahaikide izango den Julio Callejak aurreratu du argazkia ateratzerakoan hartutako ikuspuntua baloratuko duela gehienbat; irudimena eta sormena.

Udalak lehenengo aldiz antolatu duen Elgetaklik lehiaketara argazki gutxi aurkeztu dituzte, momentuz, herritarrek. Martitzenean, hilak 13, amaituko da lanak aurkezteko epea.
     Epaimahaikide izango da Julio Calleja argazkilari profesionala. Lehiaketak Elgetako txoko maiteenak argazki bidez jasotzeko proposamena egiten die 14 urtetik gorako herritarrei. "Txoko asko daude eta askotarikoak", adierazi du Callejak. "Elgeta aproposa da argazkiak ateratzeko".
     Argazkilariak begi onez ikusten du lehiaketa deitu izana. "Horrelako ekimenekin argazkilaritza bultzatzen da, eta uste dut zaletu asko dituela diziplina horrek". Epaia emateko orduan, batez ere argazkia ateratzerakoan hartutako ikuspuntua baloratuko duela adierazi du; irudimena eta sormena, gehienbat.
     Udalak bi kategoria ezberdin planteatu ditu; 14-18 urte bitartekoak alde batetik, eta 18 urtetik gorakoak bestetik. "Oso ondo iruditzen zait lehiaketa nerabeei ere zabaldu izana. Nik, baina, mugikorrekin ateratako argazkien atala sortuko nuke eurendako", esan du Callejak. Ez du uste Elgetan argazkilaritzarako zaletasun handia dagoenik, "baina horrelako ekimenik sortu daiteke".

Erakusketa, hilaren 18an

Udalaren asmoa da lehiaketara aurkeztutako lanekin erakusketa ipintzea hilaren 18an, perretxiko erakusketa eta pintxo lehiaketa egingo diren egun berean. Gogoratu, gainera, sei sari daudela jokoan; Eibarko Ikatz dendetan trukatzeko 150, 100 eta 75 euroko bonoak, hain zuzen ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak