Urriaren 4an ekitaldia egingo dute Elgetan, gerrako frontean aritu zirenei omenaldia egiteko

Larraitz Zeberio Lekuona 2009ko ira. 23a, 00:24
Urriaren 4an 73 urte beteko dira Espainiako gerrako frontea Elgetan finkatu zela. Zazpi hilabete luzez frontean aritu ziren milizianoei eta gudariei omenaldia egingo diete Intxortako Atean.

Elgeta 1937ko apirilaren 24an erori zen faxismoaren esku. Zazpi hilabete luzeren amaiera suposatu zuen horrek, Errepublikaren defendatzaileek lerro frankistak Intxortan geldirik mantendu zuten denbora, hain zuzen ere. "Defentsa horri esker urriaren 7an lehenengo Eusko Jaurlaritza osatu zen", gogoratu dute omenaldi-ekitaldiaren bultzatzaileak direnek.
     "Gertakari haiek izan eta 73 urte geroago ez dago fusilatuen, desagertuen, goseak eta gaixotasunak frontean hildakoen errolda ofizialik. Ez dute egin preso hartu, exiliatu, errepresaliatu zituztenen errolda ofizialik. Ez dute egin herritarrei konfiskatu eta errekisatutako ondasunen erroldarik", gogoratu dute.
     Horregatik fronte hartan aritutako milizianoak eta gudariak omenduko dituzte urriaren 4an Intxortako atean; "ahanzturaren horma irekitzen duen atearen ondoan".

Egitaraua

Lau Haizetara Gogoan taldeak, Intxorta 1937 kultura elkarteak eta Elgetako udalak elkarlanean egindako deialdia da. Elgetan hasiko dira ekitaldiak, 11:15ean. Kalejira egingo dute Andoaingo talde errepublikanoarekin batera eta elkarrekin Intxortako Atea monumentua kokatuta dagoen tokira abiatuko dira.
12.00etan musikak emango die hasiera Intxortako Atean egingo diren ekitaldi nagusiei. Intxorta 1937 kultur elkarteko kide Jesus Gutierrezek Intxortako borrokaldien gaineko azalpenak emango ditu eta gudari batek hartuko du ondoren hitza. Ohorezko aurreskua, bertsoak eta lore eskaintza ez dira faltako. Azkenik Internazionala abestuko du Arrasate Musikalek. Andoaingo talde errepublikanoak, berriz, Niña republicana, A las barricadas eta Eusko Gudaria eskainiko ditu. Gero, bazkaria egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak