Ekitaldi ugari Elgetan aste bukaeran

Larraitz Zeberio Lekuona 2009ko mar. 5a, 19:43
Aste Berdearen amaiera ekitaldia, umeendako krosa eta Emakumeen Eguneko jaialdiak bat egingo dute datozen bi egunotan.

Aste berezia izan da honakoa Herri eskolako umeendako. Irteerak egin dituzte, herritarren artean txorrotak banatu dituzte eta eskolan egindako lanak Herriko plazara atera dituzte. Elgetako II. Aste Berdea egin dute eta zapatuan, hilak 7, emango diote amaiera plazan egingo dituzten jokoekin. 17:00etan egin dute hitzordua. Eguraldi txarrarekin gimnasioan egingo dira joko horiek.

Umeendako krosa

Biharamunean, domekan, Egokik eta Udalak antolatuta, urteroko umeen krosa egingo dute kiroldegi inguruan. 11:00etan hasiko dira eta parte hartzea zabalik dago 1. mailatik 6. mailara arteko neska-mutikoendako. Izenematea heziketa fisikoko irakasleri eman behar zaio.

Emakumeen Eguna

Domekan, bestalde, Emakumeen Eguna dela-eta ekitaldi sorta prestatu du Udalak. Ongizateko sailak herritar guztiei zabalik dagoen jaialdia antolatu du 12:30ean hasita Espaloian. Alizia Gartziak egindako argazki erakusketa egongo da ikusgai hil osoan antzokian, eta erakusketaren aurkezpena egingo dute domekan diaporama baten bidez. Elgetako 20 emakume langile agertzen dira erakusketa horretan, eta jaialdia borobiltzeko emanaldia egingo dute Elgetako abesbatzak zein Lorea Larrañaga musika irakaslearen ikasleek. Musika ikasleek emaitza onak izan dituzte Andoaingo piano jaialdian eta domekakoa omenalditxoa izango da eurendako ere. Jaialdia amaitutakoan, Gaztetxeko trikitilariek kalejira egingo dute herrian.
     Azkenik, 19:00etan, Oihulari Klown taldeko Virginia Imazek La modelo clown contrapublicitaria antzezlana eskainiko du Espaloian. Antzezlan komikoa da. Sarrera hiru euro da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak