Eguraldi nahasia baina giro bikaina Salbador jaietan

Txomin Madina Milikua 2008ko abu. 7a, 18:17
Goiz eguzkitsu eta beroa eta arratsalde parte euritsua. Horrelakoa izan da aurten Salbador eguna, baina horrek ez zituen Elgetako Salbador auzoko bizilagunak festa barik utzi. Hainbat hilabetetan burutu dituzten Salbador kaleko berriztatze lanak gainera bukatuta daudenez, aurtengo jaiek inaugurazio extraofizial moduan ere balio izan dute.

Auzoko ermitan egindako mezarekin hasi zituzten Salbador eguneko ospakizunak. Ermita jendez lepo, baina are jende gehiago meza ostean auzotarrek eskaini zuten tortila eta txorizo janean. Auzoko andreak ibili ziren sukaldari lanetan, eta jana bakarrik ez,  ezin ahaztu janari laguntzeko zeuden ardoa, bermuta edo mostoa.

Arratsaldeko lehen orduan, ur potzuak jarri zituzten haurrendako Maalan. Ondoren, iragarritako bizikleta lasterketaren partez, bolo jokoan aritu ziren eta denetan onena, Gaizka Bolinaga izan zen.

Herri afaria Espaloian

Salbador egunean, izen bereko kalean mahaiak eta aulkiak jarri eta kanpoan herri afaria egitea izaten da ohitura. Bolo jokoak amaitzear zeudela hasi zen euriak ez zuen aurten halakorik egiten utzi, baina auzotarrak ez ziren jan gabe geratu, izan ere, afaritarako bildu zirenek Espaloian egokitu zuten jantokia, eta han bertan aritu ziren geroko erromerian. 80 elgetarretik gora bildu zituen afariak; dantza saioak, jende gehiago, eta antolatzaileak gustura agertu dira aurtengo jaiek izan duten martxarekin.

Zenbaki saritua

Txuletak, boteila ardoak... badute jabea. Zenbaki saritua 653 izan da eta Baztarrikako Juan Jesus izan da zorteduna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak