Eguen arratsaldean barrena ETB 1eko Egin Kantu saioko finala grabatzen jardun dute Espaloian.
Taula gainean finalistak eta Nerea Alias aurkezlea. Publikoan Bergara, Getaria, Zarautz eta Lazkaoko neska mutikoak. Baita Elgeta bertako ume eta gurasoak.
Aste osoko programak grabatu dituzte eta finalistek taldean zein bakarka jardun dute, gehienek dantzariez lagunduta.
Espaloira joan direnek txaloz eta oihuz hartu dituzte abeslariak eta aurkezleari ere egin diote oihu.
Kantuak askotarikoak, motelak zein dantzagarriak eta talde nahiz bakarlarienak: Negu Gorriak, Julieta Venegas, Skalariak... entzun ahal izan dira.
Elgetan grabatutako saioak ekainaren 4tik 8ra bitartean emango dituzte eta egubakoitz horretan jakingo da zein den kantaririk onena.