Edurne Alberdi: "Herri orekatuagoa eta justuagoa landu behar dugu"

Edurne Alberdik eta Leire Basaurik egin dute agintaldiko lehenengo urtearen gaineko balorazioa. "Herritarrekin serio lan eginaz eta elektoralismo hutsak utziz" herriaren alde lan egingo dutela adierazi dute.

"Ezker abertzalekoak, berriz ere, ilegalizazio egoeran gaude", salatu du lehenik eta behin Elgetako zinegotziak diren Edurne Alberdik eta Leire Basaurik agintaldiko lehenengo urtearen balorazioan. "Eskualdean Ino Arrasateko alkatea kartzelan dago, bi herritan EAJk eta Aralarrek gure zinegotzien eta alkatetza postuak lapurtuta dauzkate... hori ahaztea ezinezkoa zaigu nahiz eta Elgetan partidu horiekin lan egitea tokatu", adierazi dute.

Udal funtzionamendua

"Udal funtzionamenduari dagokionez, batzordeak orokorrean egoki ari dira", adierazi du hiru batzorde kudeatzen dituen bikoteak. Turismo batzordetik "Elgetak dituen gauzak bistan jarri nahi ditugu. Intxortako frontea lantzen gabiltza Euskal Herriarentzako izan duen garrantziagatik. Mendizaleen Federazioarekin elkar langintza gaude, bertan sortu zelako eta ditugun harremanengatik". Adierazi dute baserritarren batzordetik "herritarren laguntzarekin herriko bi ferixa antolatu ditugu, baita baserri bideak eta herri basoen garbiketak ere".
Osasun eta ongizate batzordetik "momentuan gai garrantzitsuak kudeatzen gabiltza; drogaren prebentzioa, erretiratuen egoitzaren kokapena irisgarritasun on batekin, kanpotarren integrazioa, dependentzia legea eta gutxiengo soldata", azpimarratu dute Alberdik eta Basaurik.

Aurrera begirakoak

"Esku artean ditugun gaiak landu, herritarren beharrak betetzeko planak martxan jarri, hirigintzan plana egin hutsik ditugun etxeak eta lokalak aprobetxatzeko, kiroldegia eta hezkuntza hobetu, kultura herrira egokitu, ingurugiroa zaintzeko neurriak hartu... Batzorde ezberdinen arteko koordinazio finkatu nahi dugu, batzordeen erabaki ahalmena zehaztu eta helburu estrategikoen arteko lotura sendotu".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.