Edurne Alberdi: "Ez diogu gure poltsikoari begiratu, hori argi geratzea nahi dugu"

Larraitz Zeberio Lekuona 2007ko uztailaren 25a

Uruburuko transformadorearen auziaren harira Elgetako EAE-ANVk salatu du konpromisoa hartu arren Aralarrek ez zuela eurekin bilerarik egin euren proposamena plenora eraman aurretik. 'Jugada maltzurra' egin dietela salatzen dute.

"Ikusirik herrian zelako iskanbila sortu duen transformadorearen auziak argitu nahi dugu lehenengo eta behin ez diogula sekula gure poltsikoari begiratu". EAE-ANVko zinegotzi Edurne Alberdiren hitzak dira. "Proposamena bi zatitan bozkatu nahi genuela esan genuen plenoan, transformadorearen leku aldaketaren kostua lasaiago erabaki zitekeela ere bai. Aralarren proposamenaren kontra bozkatu genuen, baina ezta gutxiagorik ere gure poltsikoari begiratu geniolako. Finantziazioaren proposamena hazienda batzordetik pasa nahi genuelako baizik. Batzordean aztertu eta irtenbide egokiena emateko. Hori izan zen proposamenaren kontra bozkatzearen gure arrazoia". 

Lehentasuna, leku aldaketa
Edurne Alberdik argitu du, halaber, Elgetako EAE-ANVren lehentasuna transformadorearen leku aldaketa onartzea zela. "Ez genuen inondik inora transformadorea Andra Mari kooperatibari erositako lursailean gelditzerik nahi. Espero dugu irailean gauzak bere onera itzultzea eta finantziazioari aurre egiteko formulak aztertzeko aukera izatea. Zinegotzien soldatak ukitu behar diren, alkatearena edo bestelako formula posibleak aztertzeko".

Erabakiak batzordeetan
EAE-ANVk, azkenik, argitu nahi izan du erabaki guztiak batzordeetan aztertzeko konpromisoa hartu duela Aralarrek eurekin egindako gobernu akordioan. "Urgentziazko gai hau lantzeko egindako hirigintza batzordean Aralarrek transformadorearen leku aldaketaren kostua jakin eta udal batzarraren aurretik beste alderdiokin bilera egiteko konpromisoa hartu zuen", salatzen dute. "Ez ziguten eman plenora eramandako proposamena taldean aztertzeko betarik. Jugada maltzurra egin zigutela uste dut nik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak