Oxel Erostarbe alkateak bere harridura agertu du oposizioan dagoen Elgetako Abertzaleak taldearen azken erabakiaren aurrean. "Elgetako Udalak aurrekontua lantzen dihardu. EAJ-EArekin bi batzar izan ditugu eta hainbat e-posta trukatu ditugu. EAJ-EAren bozeramaile Patxi Basaurik eguaztenean jakinarazi zigun EAJ-EAk aurrekontuaren kontra bozkatuko duela". Zergatik galderari erantzunik jaso ez izana salatu du Erostarbek.
"Harrituta bai, baina ezustean ez gaitu hartu jarrera ezkorrak", adierazi du alkateak. "EAJ-EAk agintaldi hasieratik daukan jarrerarekin jarraitzen du, oposizioa oposizioagatik egiten".
2009ko aurrekontua otsailaren 5eko osoko bilkuran onartzea aurreikusten du udal gobernuak. "Elgetaren garapenerako garrantzitsuak izango diren hainbat proiektu jasotzen ditu. Gastuak ere murriztuko dira. Inbertsioak aurrera eramateko Foru Aldundiaren eta Jaurlaritzaren laguntza izango dugun bitartean, Elgetako EAJ-EAk kontra bozkatuko du".
Oposizioaren arrazoiak
Elgetako Abertzaleak taldeko bozeramaile Patxi Basaurirekin harremanetan jarrita esan digu badutela aurrekontuak ez babesteko dituzten arrazoiak emateko asmoa. Datozen egunotan izango da hori.