Domekan, perretxikoak izango dira protagonista. Aurtengoa, momentuz, ez omen da perretxikoetarako urte ona baina aste bukaeran erakusketa ipintzeko konpromisoa hartu dute hainbat herritarrek. "Txarrak behintzat atera dira eta ipiniko ditugu ikusgai", adierazi du asteon Benedikta Bergaretxek. Itxura oneko perretxikoak jarri ohi dituzte ikusgai eta azken egunera arte ibiliko dira basoan perretxiko bila. Helburua da ahalik eta barietate handiena jendaurrean jartzea.
Gaztetxoen artean perretxiko zaletasuna bultzatzeko ahalegina ere egingo du Udalak, hala 10:00etan plazatik abiatuko den irteera antolatu dute. Erakusketa 11:30ean zabalduko dute eta urtero moduan perretxikoak katalogatuta egongo dira onak edo txarrak diren adieraziz.
Pintxo eta argazki lehiaketak
13:30erako, berriz, sari banaketa ekitaldia iragarri dute. Elgetako III. Pintxo lehiaketa jokatuko da domekan eta herriko hiru elkarteko ordezkariek epaimahai lanak egingo dituzte ostalariek aurkeztuko pintxoen artean goxoena aukeratzeko. Elgetaklik lehiaketako argazki onenaren saria ere ordu berean emango dute. Jakin, bestalde, pintxoak aurten ere euro baten prezioan egongo direla tabernetan.