Domekan motor hotsa izango da nagusi Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2008ko irailaren 17a

Antolatzaileek ehun bat motor batzeko itxaropena dute hirugarren edizio honetan.

Antolatzaileek guztia prest daukate domekan, hilaren 21ean, herrian egingo den Lambretta eta Vespa motorren 3. topaketarako. Fermin Iribar dabil, beste batzuekin batera Elgetan urteroko hitzordua bilakatu den topaketa prestatzen eta bere itxaropena da aurten herriko plazan ehun motor batzea iristea. "Iazko topaketan Vespa eta Lambretta markako 90 bat motor elkartu genituen. Ea aurten ehun elkartzera iristen garen", adierazi digu.

Egitaraua prest

Domekako egitaraua prest daukate antolatzaileek. 09:00etan hasiko dira Vespa eta Lambretta motorrak herriko plazan. Bertan egongo dira ikusgai hiru orduz, 12:00ak arte. Modelo  askotariko motorrak izango dituzte ikusgai bertara hurbiltzen direnak. Gehienak benetako bilduma piezak euren jabeek altxorrak bailitzan moduan zaintzen dituztenak. Kontzentrazioak irauten duen denboran gainera, tripa betetzeko aukera egongo da Ozkarbi elkartean. Salda eta txorizoa ipiniko dituzte hamarretakoa egiteko. Kontzentrazioa amaituta, 40 kilometroko ibilbidea egingo dute parte hartzaile guztiek. Elgetatik Elorriorako bidea hartuko dute. Miñota, Berriz, Abadiño eta Atxondotik igaro ostean Elorriora itzuliko dira. Kanpanzarretik, azkenik, Elgetarako bidea egingo dute.
bazkarirako izenemateak
Zabalik dago domekan 14:30ean Iñaki jatetxean egingo den bazkarian izena emateko epea. Hilaren 19a, barikua, da azken eguna. Interesa dutenek Iñaki jatetxera bertara jo dezakete edo Fermin Iribarri deitu behar diote 669 107 907 telefonora.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak