Dirulaguntza garrantzitsua Salbador kaleko lanendako

Larraitz Zeberio Lekuona 2007ko aza. 9a, 17:18
Salbador kaleko lanen adjudikazioa urtea amaitu aurretik egin nahi du Udalak. Eusko Jaurlaritzak hiru proiektu finantzatuko ditu, guztira 383.182 euro emango ditu.

Albiste onak jaso ditu Elgetako Udalak. Eusko Jaurlaritzak Elgetako hiru proiektu diruz laguntzeko konpromisoa hartu du. Guztira, Jabier Madrazoren Sailak 383.182 euro emango ditu. 
Artekalen egindako urbanizazio lanendako 103.446 euro emango ditu, Torrezahar urbanizatzeko proiektua idazteko 3.071, 25 euro eta Salbador kaleko urbanizazio lanendako 276.663 euro, aurrekontuaren %75a hiru kasuetan.
Oxel Erostarbe alkatea pozik agertu da, azken diru-sail hau oso garrantzitsua baita Torrealdeko etxebizitzetara ura eramateko lanak lehenbailehen egiteko. "Laguntza handia lortu dugu eta lanak urtea amaitu aurretik adjudikatu nahi ditugu. Hilaren 19ko hirigintza batzordean aztertuko dugu gaia".
Hurrengo hirigintza batzordean, beraz, lanok lehenbailehen hasteko eman beharreko pausoak zehaztuko dituzte. Baldintza agiriak atera behar dira eta aldizkari ofizialean kaleratu. Hilabete inguru beharko da horretarako. Jarraian, eraikitzaileak egindako proposamenak zabaldu eta aztertu behar dira. Hamar bat eguneko epea beharko du, berriz, horrek. Azkenik, lanak adjudikatu beharko dituzte. "Udaletxean gauden alderdi guztiok eskutik joan beharko genuke proiektu hori babestu eta Salbador kalea behar den moduan egokituta lagatzeko", esan du Erostarbek.


Artekaleko lanak
Artekalen egin diren lanak ordaintzeko ere eman du laguntza Eusko Jaurlaritzak. Lanok eginda daude. Uruburuko etxebizitzak egiten diharduen Irualde Bat enpresak aurreratu zuen dirua. "Aurreko gobernuak hitzartuta zuenaren arabera lan horiengatik Udalak 132.000 euro ordaindu behar zituen otsailean", jakinarazi du Erostarbek. "Orain, kopuru hori 29.000 eurotara jaitsi da. Udalaren egoera ekonomikoa ona ez dela jakinda, gastu murrizketa guztiak dira positiboak" esan du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak