Diputazioko teknikoak martitzenean batu ziren udal ordezkariekin eta Arrotako kaltetuekin hartutako erabakiaren berri emateko. Arduradunek ez dute egindako zundaketa geoteknikoek emandako emaitzen gaineko informaziorik zabaldu gura izan, baina jakinarazi dute eremu horretan eustorma edo harri-lubeta egingo dutela.
"Emergentziazko lanak izango dira", adierazi du Elgetan egindako bileran Diputazioaren izenean egon zen Jose Antonio Navarrok. "Diputazioak arduratuko da lanen zuzendaritzaz, eta orain lur jabeekin negoziazio prozesua hasi behar dugu, izan ere euren lur eremuetan jardun behar dugu lanean".
Udal aparejadore Ricardo Landak azaldu duenez "Diputaziokoek identifikatu dute zein den mugitzen den geruza eta lur mugimendu hori ekiditeko 50 metroko harri-lubeta bat egiteko asmoa dute Arrota baserrian duten abeletxetik hasi eta garajeraino". Landak gaineratu du lanek bi hilabete inguruko iraupena izango dutela eta denbora horretan bidea zabalik uzteko asmoa dutela Diputazioan.
Kaltetuen kezkak
Arrotan aspaldi zeuden Aldundiak erabaki bat hartu zain, baina hainbat zalantzak dituzte martitzenean erakutsi dieten proiektuaren inguruan. "Harri-lubeta egin nahi dute, baina hasiera batean uste baino beherago ipini nahi dute", adierazi du Arrota Azpiko Ana Mari Urretabizkaiak.
Negoziazio prozesuaren zain daude orain kaltetuak. "Hamabi fruta-arbola kentzen dizkigute, garajea bota egiten digute, eta zutik lagatzen digute lur mugimenduak direla-eta erortzear dugun oilategia. Gainera, harri-lubetaren azpiko aldean gelditzen zaigu ur depositua. Gauza asko daude zintzilik, eta ez diet lanean hasten utziko guztia ondo lotu arte".