Denda berria dugu herrian; Markel denda

Larraitz Zeberio Lekuona 2010ko mar. 5a, 14:30
Azken bost hilabeteotan hiru komertzio berri zabaldu dira Elgetan; Goikoetxe harategia, Erdiko denda eta, orain, Markel denda.

Duela astebete zabaldu du denda Salbador kalean Josu Zubikarai eibartarrak. Janari denda da eta ia denetarik aurkitu daiteke bertan; fruta, barazkiak eta arrain izoztua bereziki. "Ondo doa gauza lehenengo egunotan", esan du Zubikaraik. "Akaso nobedadea garelako, baina jende ugari etortzen da dendara", adierazi du. Beste gauza askoren artean izoztutako generoa saltzeko izozkailu handia ipini du. "Gehiago ipintzea da nire asmoa ikusten nago baina jendeari kosta egiten zaiola izozkailura hurbiltzea. Ikusiko dugu nola doan gauza".

Hiru komertzio berri

Azken bost hilabeteetan hiru komertzio berri zabaldu dira herrian. Imanol Albizuk urriaren 6an zabaldu zuen Goikoetxe harategia Salbador kalean; Dayami Barok abenduaren 4an zabaldu zuen Erdiko denda Gudarien bidean, eta Josu Zubikaraik otsailaren 26an zabaldu du Markel denda Salbador kalean.
     Albiste ona da, izan ere azken boladan komertzio asko itxi dira herrian; Gorrotxategi harategia, Ugari, Beltxongua, Elgeta Piel... Badirudi poliki-poliki merkataritzarako jende berria agertu dela.
     Arrandegia da, momentuz, herrian falta dugun zerbitzua. Badira bost urte Garbiñe Ormaetxeak negozioa itxi zuela, eta ordutik atzera ere zabaltzeko saiakera bat edo beste izan bada ere ez dute aurrera egin. Eguenetan soilik eros daiteke arrain freskoa Elgetan; Durangoko arrain saltzaile ibiltari batek ekartzen duena.

Hotela salgai

San Roke kaleko hotela, berriz, salgai ipini du 26 urteko Paolo Fabris italiarrak. Saltzea edo alokairuan ipintzea da bere asmoa. Hotelak logelak, jatetxea eta taberna ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak