Goizeko hamarretan hasi zen lasterketaren irteeran, 85 txirrindulari elkartu ziren. Aurretik, 120 kilometroko ibilbidea zuten. Hasierako kilometroetan ihesaldi saiakera antzuak egon ziren. Hala, ihesaldi ona, eta gerora lasterketa apurtu zuena, Elorrion osatu zen. Han, lasterketaren 70. kilometroan, Mikel Nievek (Caja Rural) eta Oscar Puyolek (Azpiru Ugarte) tartea zabaldu zuten. Bada, erreleboak ematen hasi orduko, Azpiru Ugarte taldeko txirrindularia atzeratuta geratu zen. Hortaz, Caja Rural taldeko ziklistak aurrera egitea erabaki zuen eta bakarrik iritsi zen helmugara. Azpiru Ugarte taldeko, Oscar Puyol eta Wurth taldeko, Andres Antuña sailkatu ziren bigarren eta hirugarren tokietan.