Bost etxebizitza tasatu daude zozketatzeko Uruburun

Larraitz Zeberio Lekuona 2008ko urr. 10a, 15:03
Asteon, hilaren 8an, sinatu dituzte eskriturak Uruburun etxebizitza tasatua egokitu zitzaien onuradunek. Azkenean, bost dira hutsik eta beraz zozketatzeko dauden etxean.

Elgetako Udalak konpromisoa hartu du Irualde Bat enpresa sustatzailearekin etxebizitza horien eskriturak, beranduenez, abenduko lehenengo astean sinatuko direla. Epe hori bete ezean enpresa sustatzaileak izango luke etxebizitzak nori saldu erabakitzeko eskubidea. Gauzak horrela, Udalak egutegi bat finkatu du prozedura guztia hiru hilabeteko epean burutu ahal izateko.

Izena emateko baldintzak

Hilaren 4an egindako osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak zozketa berrirako baldintza plegua. Ez da diru-sarrera minimorik aurkeztu beharko zozketan parte hartu ahal izateko eta lehentasuna izango dute azken bost urteetan Elgetan erroldatuak egon diren eskatzaileak. Gehienezko diru-sarrerei dagokienez aurretik izango dira urteko gehienez 24.000 euroko sarrera dutenak pertsona bakarreko unitate familiarren kasuan eta 33.100 euroko sarrera dutenak bi edo hiru kideko unitate familiarren kasuan. Bigarren maila batean egongo dira errolda eskakizuna bete eta diru-sarrerak, kasu bietan, 30.000 eta 42.972, 37 euroko mugan sartzen badira.
Atzean geldituko dira diru sarrera horiek aurkeztu, baina errolda eskakizuna betetzen ez duten eskatzaileak.

Datak eta epeak

Zabalik dago dagoeneko Elgetako udaletxean zozketa berri horretan izena emateko epea. Interesatuek hilaren 20ra arteko epea dute izena emateko. Hilaren 23an onartutakoen eta ez onartutakoen behin behineko zerrenda kaleratuko du Udalak eta erreklamazioak aurkezteko epea 30era arte egongo da zabalik. Behin betiko zerrenda hilaren 31n kaleratuko dute. Zozketa azaroaren 6ko astean egin nahi dute eta eskriturak abenduko lehenengo astean sinatuko dituzte etxebizitzen onuradun berriek.

Etxebizitzen prezioa

Bost etxebizitzek bina logela dituzte. Bi duplexak dira, 70,26 metro koadrokoak. 162.467,92 euroko prezioa dute garajea eta trastelekua barne. Beste bi etxebizitza 60,57 metro koadro dituzte eta prezioa 145.000 euro ingurukoa da. Azkenik baxua den beste etxebizitza bat gelditu da hutsik. Jardina du erabilgarri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak