Azarotik urtarrilera izan zen azken aldiz Askasibar Afrikan. Beste bost lagunekin batera egin zuen bidaia bi furgonetatan. Espainia, Maroko, Senegal eta Ginea Bissau zeharkatu zituzten. Bakarrik, Askasibarrek Ginea portugesarainoko bidaia egin zuen. Bi hilabete horietan 1.200 argazki atera zituen Askasibarrek. Egueneko hitzaldian 160 bat erakutsiko ditu, herrialde bakoitzeko 40 bat. "40 minutuko diapositiba emanaldia izango da", esan du Askasibarrek. "Turismoa heltzen ez den lekuetara joatea gustatzen zait. Herrixketako umeek ikusten duten lehenengo pertsona zuria izan naiz. Oso sentsazio berezia da", adierazi du.
Txirotasuna nagusi
Herrialde horietako txirotasuna erakutsi nahi du Askasibarrek emanaldian. "Nola bizi diren erakutsi nahi dut. Ez daukate ezer", esan du Askasibarrek. Mugetan ere hainbat arazo izan dituztela esan digu. "Behin eta berriz erakutsi dugu pasaportea, baina horrela bidaiatzea gustatzen zait niri. Horrela ezagutzen dira herrialdeak eta herrialde horietan bizi den jendea".