Bixen Calzón: "Lotsak laga eta kirol jarduera berriak doan ezagutzera etorri!"

Larraitz Zeberio Lekuona 2009ko ira. 16a, 16:15
Badira bizpahiru urte Elgetako udal kirol zerbitzuaren eskaintza Goiena Sport enpresaren eskuetan dagoela. Bixen Calzónek zein irizpide hartzen dituzten kontuan kontatu digu.

Zein jarduerak funtzionatzen du Elgetan?
Eskola kirolak oso ondo funtzionatzen du, eta arrakasta gehien daukan jarduera spininga da. Mantentze gimnasia eta hirugarren adinekoendako gimnasia saioak ere arrakastatsuak izaten dira.

Ikasturte honetarako eskaintza prestatzerakoan zer hartu duzue kontuan?
Adin tarte guztien beharrak asetzera bideratu dugu kirol eskaintza. Elgetako Udalak esfortzu handia egin du spiningerako bizikletak erosten, ate irekiak antolatzen, eta orain adin tarte guztiei zuzendutako eskaintza egiten.

Proposamen berri bat dago aurten, GAP/stretching. Zer da eta nori zuzenduta dago?
Musikarekin eta taldean tonu muskularra lantzen da jarduera horretan. Gluteoak, abdominalak eta hankak lantzen dira GAP delako jardueran. Stretchinga luzaketak dira. Edozein pertsonari zuzenduta dago. Aproposa da oso gantzak erretzeko eta bizkarreko arazoak dituztenendako.

Aurreko ikasturteko irakasleak mantenduko dira?
Bai, Ainhoa Callejak jarraituko du Elgetan.

Zenbat jarduera fisiko egin beharko genuke?
Orokorrean, astean hiruzpalau saio betiere helburua zein den kontuan hartuta.

Urrian ate irekiak egingo dituzue. Zertarako dira eta nori zuzenduak?
Aukera paregabea da jarduera ezberdinak ezagutu nahi dituztenendako. Lotsa alde batera utzi eta kirol praktika berriak ezagutzera animatu nahi ditut elgetarrak. Animo!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak