Bigarren seihilabeteko zaborren gaineko tasak %17,86 igo dituzte

Irati Agirreazaldegi 2009ko mai. 15a, 16:12
Azken udalbatzarrean gehiengoz onartu zuten, EAJ-EAko zinegotzien aurkako botoekin eta gainontzekoen aldekoekin, Debagoieneko Mankomunitateak proposatutako hiri hondakinak jaso, garraiatu eta kudeatzeko tasen igoera, %17,86koa, bigarren seihilekorako.

Urtarrilean tasen igoera %10ekoa izan zen eta, ondorioz, iaz hiru hilabeteko kuota tarifa arruntetan 7,35 euro bazen, aurten 8,08 euro izatera pasa da. Hori, lehen sei hilabeteetan; izan ere, bigarrenerako proposatu duten igoerarekin, kuota 9,52 euro izango da.

Superabitarekin ordaindu

EAJ-EAko zinegotziek, gehiegizkoa iritzita, aurkako botoa eman zioten urtarrileko %10eko igoerari eta oraingoan ere aurka bozkatu dute.

Patxi Basauri zinegotziak udalbatzarrean esan zuenez, "Debagoieneko Mankomumitateak kreditu baten bitartez-edo aurre egin beharko lioke igoerari. Baina egin ez duenez, eta igoera horrek Udalarendako 8.624 euroko kostua izango duenez, proposatzen duguna da iaz Udalak urtea superabitarekin itxi zuenez, kopuru horretako diru zati bat zabor tasen igoerari aurre egiteko baliatzea. Krisi egoeran gaudela ikusita Udalak ez duela ondo jokatu uste dugu".

Gipuzkoako zabor politika

Oxel Erostarbe alkateak, berriz, hauxe esan zuen: "Elgetan EAJ-EAk proposamen hori egitea aintzat hartzekoa da, baina kontua ez da Elgetakoa ezta Debagoieneko Mankomunitatekoa ere, Gipuzkoakoa baizik. Gipuzkoan badakigu zein dagoen agintean eta zein zabor politika bultzatzen duen".

Tasak igotzearen arrazoia da Mankomunitateak bide publikoko bilketak eta garbiguneen kudeaketa egin arren uztailetik aurrera Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioa arduratuko dela gainontzekoaz eta 125,74 euro kobratuko dizkiola Mankomunitateari tona metriko bakoitzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak