Elgetako Udalak bigarren eskuko gauzen azoka antolatu du abenduaren 15erako. "Gabonak hurbiltzen ari dira eta materiala berrerabiltzeko aukera eman nahi dugu", adierazi du Rebeka Ubera zinegotziak. "Opari berriak erosi beharrean birziklatu egin daitezkeelako".
Etxean ahaztuta dauzkagun diskoak, liburuak eta jostailuak udaletxera eramateko deia egin dute. Materiala udaletxean jasoko dute abenduaren 13ra arte. "Diskoak, liburuak eta jostailuak ez diren bestelako gauzak ekartzen badituzte ere jasoko ditugu", esan du Uberak.
Udaletxeko teknikoek materiala sailkatu eta gauza bakoitzari prezioa jarriko diote. Azoka abenduaren 15ean egingo da, 11:00etan hasita Herriko Plazan. Salmentekin batutako dirua Mexikoko Ciudad Juarezeko emakume elkartearendako izango da.