Bederatzi lagun elkartu ziren astelehenean Bideberri mankomunitateak Berdintasun plana lantzeko deituriko bileran. "Egindako ekarpenak oso baliagarriak izango zaizkigu", adierazi du proiektuan aholkularitza lanak egingo dituen Ainara Ibañezek. "Berdintasun planak emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea du helburu", azaldu du Ibañezek, "eta udalerriko hainbat esparru izan behar ditu kontuan; hezkuntza, kultura eta kirola, enplegua eta lana, osasuna, gizarteratzea, hirigintza, garraio publikoa eta ingurumena, udala..."
Kontzientziazio prozesua
Alor horiek guztiak landu behar dira emakume eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzeko, eta emakume eta gizonen arteko bereizkeriari eusten dioten oztopoak zein egiturak gainditzeko. "Orain arte bizi izan ditugun eta, oraindik ere, bizi ditugun desberdintasun egoerei aurre egiteko", adierazi du Ibañezek. Hurrengo bilera ere zabalik dute herritarrek. Hilaren 23an egingo dute 18:00etan udaletxean.