Berdintasun plana diseinatzeko bilerekin pozik agertu dira arduradunak

Larraitz Zeberio Lekuona 2009ko aza. 28a, 15:41
Bi bilera egin dituzte Elgetan, hirugarrena abendu erdialdean egingo dute. Berdintasun plana otsailerako gertu edukitzea aurreikusten du Elhuyar Aholkularitzako Ainara Ibañezek.

"Berdintasun kontuetan trebakuntza falta handia dago. Ez dago genero ikuspegirik eta ulertzekoa da. Gauzak aldatzen ari dira baina, luzaro ez da eskoletan gaia landu". Ainara Ibañezen hitzak dira. Bideberri mankomunitateak eskatutako Berdintasun plana diseinatzeko aholkularitza lanak egiten dihardu Elgetan, Antzuolan eta Leintz Gatzagan. Dio balio eta rol tradizionalak nagusi direla gure gizartean, eta gazteek rol horiek erreproduzitu egiten dituztela konturatu ere egin barik. 

Tresna baliagarria

Ondo landuz gero Berdintasun planak emaitza interesgarriak ekar ditzake. Udalarendako tresna baliagarria izan daiteke berdintasunaren bidean helburuak finkatzeko, eta zein ekintza konkreturekin lortu daitezkeen definitzeko. "Ez dugu ahaztu behar epe luzerako proiektuak direla", esan du. "Pentsamoldeak aldatzeari buruz ari gara eta denok dakigu hori zenbat kostatzen den".

Gazteengana iristea helburu

Momentuz bi bilera egin dira Elgetan, eta hirugarrena abendu erdialdean egitea aurreikusten dute. Pozik daude lortutako emaitzekin. "Prozesu parte-hartzailea aukeratu dugu nahi dugulako herritarrek planaren berri izatea. Zaila da, batez ere gazteak erakartzea. Elgetan udal ordezkariek eta langileek inplikazio maila bereziki ona erakutsi dute", adierazi du Ibañezek.
Planak, eraginkorra izan nahi badu eragile askoren inplikazioa eskatuko du. Sentsibilizazio ekintzak, oso beharrezkoak diren trebakuntza ekintzak, eta kasuan kasu araudiren baten moldaketa ere ekar ditzake. Baina hori urrun dago oraindik. Elhuyar aholkularitzako Ainara Ibañezek uste du otsailera arte plana ez dela gertu egongo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak