Zer moduzko uzta izan da aurten?
Siku joan dira ekaina eta uztaila, eta ezagun izan da hori. Aurreko astean, baina onddo bolada handia izan da. Jende asko ibili da. Sailtxo baten lau lagun ere ikusi ditut!
Zenbat perretxiko eraman dituzu etxera?
Ez dakit, baina asko. Jatea baino basoan perretxikoak batzea gustatzen zait niri. Ahal dudan guztietan joaten naiz, perretxiko sasoia izan edo ez. Eta ez naiz segidan leku berera joaten. Beti aldatzen dut. Jende asko dabil basoan!
Emakumea perretxikotan. Ez dira ba asko ikusten!
Ez, eta batzuei gaizki ere iruditzen zaie. Duela lau bat urte arazo txiki bat izan nuen eibartar batekin. Makila ere altxatu zidan egun horretan. Bizkor isildu nuen. Gizonen moduan ibilita nago baserrian lanean. Perretxikotan zergatik ez!
Zenbat perretxiko klase ezagutzen dituzu?
Asko, baina batu sei bat klase batzen ditut. Gustatzen zaizkidanak bakarrik: onddoak hiru bat klase, urritxak, saltsak, lanpernak... Elgeta paraje ona da perretxikoetarako, eta gizona jale amorratua dut. Sobran ditugunak lagunen eta senitartekoen artean banatzen ditugu.
Onddo kiloa 30 eurotan saldu omen dute Durangoko azokan.
Entzun dut, bai. Deigarriagoa egin zait saltsaren prezioa. Kiloa 18-20 eurotan ikusi dut. Pila ederra ekarri dut nik etxera aurten!
Non ikasi zenuen perretxikotan?
Txikitan, gurasoekin. Orduan estimu handian genituen ez zegoen-eta beste askorik jateko. Gauzak asko aldatu dira hemen. Aukeratzeko gauza asko ditugu orain.
Gazteak ibiltzen dira perretxikotan?
Baten bat bai, baina gutxi. Gehienbat erretiratuak ibiltzen dira perretxikotan. Denbora gehien horiek dute, egia esan.
Elgetako basoak nola daude?
Zikinak. Pistak ere arantzaz josita daude. Laster ehiztariak hasiko dira, eta zabalduko dituzte bide batzuk baina leku askotatik ezin daiteke pasa.
Zer iruditzen zaizu herrian egiten den perretxiko erakusketa?
Ondo, zer irudituko zait bat! Aurten, baina, mahaia non ipini zaindu behar dugu. Iaz eguzkitan egon zen, eta laster sikatu ziren perretxiko guztiak. Lastima izan zen.