Bederatzi batzordetik sei Aralarrek hartu ditu, hiru EAE-ANVk

Larraitz Zeberio Lekuona 2007ko uzt. 16a, 21:59
Hilaren 12an, eguena, egin zuten agintaldiko lehenengo osoko bilkura Elgetan. Zinegotzien eta batzorde buruen soldatak mantendu egingo dira, alkatearena %15 jaitsi.

Eguenean, hilak 12, egin zen udal batzordeak banatzeko plenoa Elgetan. Aralar eta Eusko Abertzale Ekintza-ANV akordio batetara iritsi dira. Hala, Udalean izango diren bederatzi batzorde finkoetatik sei Aralarrenak izango dira eta hiru EAE-ANVrenak. 
Aralarrek hartu dituen batzordeak honakoak dira: Hirigintza, Hazienda, Kultura eta Euskara, Kirolak, Jaiak eta Hezkuntza. Eusko Abertzale Ekinzak Ongizatea, Baserritarrak eta Turismoa hartu ditu. Batzordeak hileko bigarren astean egingo dira eta ez da gobernu batzorderik egongo. Udalbatzarrak hileko laugarren astean izango dira.


Alkateak 1.770 euro hileko
Karguen soldatari dagokionean alkatearen soldata %15 jaistea erabaki zuten. Urteko soldata 24.786,62 euro izango da. Zinegotzien soldata eta talde politikoen ordainsariak mantendu egingo dira. Zinegotziek 116,19 euro jasoko dituzte hileko, batzorde buruek beste hainbeste eta talde politiko bakoitzak 45,47 euro hileko.

Batzorde buruak

- Hirigintza eta etxebizitza batzordea: Iban Retolaza
- Hazienda, pertsonal eta zerbitzu batzordea: Oxel Erostarbe
- Kultura eta Euskara batzordea: Ana Gillegi
- Baserritarren batzordea: Leire Basauri
- Ongizate batzordea: Edurne Alberdi
- Kiroletako batzordea: Rebeka Ubera
- Turismo batzordea: Edurne Alberdi
- Jaien batzordea: Oxel Erostarbe
- Hezkuntza batzordea: Rebeka Ubera

Uruburuko transformadorea
Plenoko gai zerrendatik kanpo egon arren alkateak eztabaidatzea onartu zuen eta Uruburuko transformadorearen kokapena izan zen saioko gairik polemikoena. Hilaren 17an, martitzena, osoko bilkura berria egingo du Udalbatzak. Transformadorearen behin betiko kokapena erabaki eta Udalaren egoera ekonomikoa aztertuko duen auditoria lanak esleitzeko asmoa du bertan udal gobernuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak