Baserritarren azoka, sagardo eguna eta Vespa eta Lambretta motorren topaketa asteburuan

Larraitz Zeberio Lekuona 2009ko ira. 18a, 15:21
Aste bukaeran ez da herrian animaziorik faltako. Zapatuan azoka, sagardo eguna, tortilla lehiaketa eta gaztetxeko kontzertuak izango ditugu. Domekan, berriz, Vespa eta Lambretta motorren IV. topaketa.

Herriko 12-14 bat baserritar espero dituzte biharko azokan. Baserritarren batzordeak antolatutako ekimena da, eta herriko baserritarrek etxean egindako barazkiak eta fruituak plazan saltzeko aukera izango dute. 11:00etan zabalduko dute azoka.
     Bien bitartean, Udalak, sagar jokoak egingo ditu umeendako Salbador kalean. Adin guztietako umeendako izango dira.

Sagardo Eguna

Urteroko tortilla lehiaketa 18:00etan hasiko da aurten. 19:30erako bukatuak egon beharko dute eta epaimahai kideek erabakia hartutakoan egingo da sari banaketa. Iaz 31 talde hartu zuten parte eta Fly taldekoek eraman zuten sari nagusia. Sari banaketaren ostean pintxoak egongo dira eta arratsalde guztian herriko hainbat txokotan ipinitako kupeletatik sagardoa doan edateko aukera egongo da. Egunari amaiera emateko bi taldek emanaldia egingo dute gaztetxean: The Perversions eta Los Seductores taldeak, hain zuzen ere.

Vespak eta Lambrettak

Domekan motor hotsak hartuko du herria. Vespa eta Lambretta motorren IV. topaketa egingo dute. Antolatzaileek 90 bat motor elkartzeko itxaropena agertu dute. 09:00etatik aurrera hasiko dira plazan elkartzen. Hamaiketakoa egingo dute Intxorta elkartearen eskutik eta 12:15ean 40 bat kilometroko ibilbidea egingo dute: Elgeta-Elorrio-Miñota-Berriz-Abadiño-Atxondo-Elorrio-Kanpanzar-Elgeta. Eguna amaitzeko lagunarteko bazkaria egingo dute Iñaki jatetxean

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak