Baserriko produktu, sagardo eta motor... aspertzeko betarik ez

Goiatz Arana Begiristain 2010eko irailaren 20a

Elgetako plazak askorako eman du zapatu goizetik atzo eguerdira arte. Zapatu goizean, herriko baserritarren saltoki izan zen: tomate, letxuga, porru, baba, piper, sagar, ezti, lore... etxean dituzten produktuak eraman zituzten plazara, eta baita saldu ere; harrera ona izan zuten herritarren partetik.

Arratsaldean, gaztetxeak antolatutako Sagardo Egunak hartu zion lekukoa azokari. Haurrek gozatu egin zuten jolasean, eta hainbat herritarrek mantela jantzi eta sukaldari lanak egin zituzten, tortillarik onena nork egingo. Pello Bilbaok eta Oskar Sarasuak osatutako Juizioa taldeak irabazi zuen lehiaketa.

Herri afaririk ez-eta txitxi-burruntzia egin zuten 30 bat lagunek; parrillan erretako saiheskia eta txorizoa janez, afari-pasara egin zuten.

Eta gauean, musika: Plan B, Sumision City Blues eta UK Bill taldeek kontzertua eman zuten gaztetxean. Hiru taldeak egon ziren ondo, nahiz eta Plan B-k jo zuen momentuan batu zen jende gehien.

Vespa eta Lambretta

Domeka goizean, motor hotsarekin esnatu ziren elgetarrak. Fresko egiten zuen lehen orduan eta eskuak hoztuta iritsi ziren motorzaleak herrira. Vespa eta Lambretta, 70 bat batu ziren guztira; horietako batzuk, sidekar eta guzti.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak