Hiru hilabete dira Aixolako zentroa zabalik dagoela eta jakin dugunez bart gaueko istiluak ez dira lehenak. Lehenago ere bidali dituzte hainbat adin txikiko Estatuko beste zentro batzuetara. Elgetako udalak agindutako jarraipen batzordea ere martxan dela jakin dugu. Bertan parte hartzen dute Elgetako, Eibarko eta Ermuko udalek zein Ertzaintzak eta Diputazioko ordezkariek. Martitzenean egin zuten azken bilera. Segurtasun neurriak izan zituzten bertan hizpide. Aixolako zentroak legeak finkatzen dituen segurtasun neurri guztiak betetzen ditu, eta ez dira nahikoa. Hori da batzordearen kezka nagusia.
Atxilotuen etorkizuna
Hainbat hedabide esaten ari dira gehienez ere epaileak Aixolara bueltatu ditzakeela, baina ez da egia. Epaileak erabaki dezake goragoko gradu batean dauden guneetara eramatea, Estatu espainiarrean dauden beste zentro batzuetara; edo baita, deliturik ikusiz gero Zumarragako adin txikikoen zentrora.
Langileen eskaerak
Zentroko hezitzaileen egoera ere aipatzekoa da. Atzo bertan prentsaurrekoa eskaini zuten Babesten enpresako langileek, tartean Aixolako zentroan lan egiten duten eta otsailean Elgetako herritarrekin batu ziren Mikel Lizarraldek eta Agurtzane Gartziak. Endoiako zentroari buruz aritu ziren agerraldi horretan, baina euren lana etengabe zalantzan jartzen dela salatu zuten, eta arriskuan egon izana nabarmendu zuten.