Azkeneko 500 metroetan ihes eginda irabazi du Fabrizio Ferrarik

Arantzazu Ezkibel Galdos 2009ko uzt. 19a, 20:09

Azkeneko 500 metroetan erabaki da lasterketa. Elgetarako bidean, azkeneko maldan gora, Fabrizio Ferrarik (Caja Rural) aurre hartu die gainerako txirrindulariei eta bakarrik iritsi da helmugara. Ferrari uruguaitarrak 3:04:57ko denbora egin du; atzetik sartu da, bi segundora, Cafes Baque taldeko Carlos Juez.

Euria zen Elgetan lasterketa hasi denean. Hori horrela, lasterketa amaieran Victor De la Partek aitortu bezala, gogo gutxirekin hasi dute lasterketa txirrindulariek. Antolatzaile taldea ere beldur zen erorikoak egongo ote ziren. Baina, lasterketan zehar erorikoren bat egon den arren, inork ez du minik hartu. Gainera, berehala atertu du.

Asentzio gaina

Txirrindulariek Elgetatik Elorriorako bidea hartu dute. Atxondoko bailara zeharkatu ostean Areitioko gaina hartu dute; handik, Eibarrera eta Eibarretik Bergararako bidea hartu dute. Lehenengo kilometroetan tropela batuta joan da; ihesaldi ahaleginak egon dira, baina antzuak. Lehenengo ihesaldia Angiozarrerako bidean egin dute. Asentzioko gainean lehenengoa izan da Egoitz Mugoitio Naturgas Energi taldeko txirrindularia.

Mendiko saria

Ihes egindako taldetxoan Victor De la Parte zegoen, Mendiko Sariko garailea. "Hasieratik ibili naiz ihes eginda, ia lasterketa amaitu arte, baina azkenean harrapatu egin gaituzte", azaldu du De la Partek. Bere helburua lasterketa irabaztea zela aitortu digu, baina ahalegindu arren, ezin izan duela zioen. Hala ere, pozik zegoen taldekide bat izan delako garaile. Asentzioko gaina bigarren aldiz 94. kilometroan igo dute; orduan, Victor De la Parte izan da lehenengoa, ondorioz Langarika Saria eraman du.

Azkeneko metroetan, ihes

Victor De la Partek ez du amore eman; hala, Elgetarako bidean, azkeneko kilometroan ihes egin du, baina harrapatu egin dute.
Ondorioz, azkeneko metroetan egindako lanaren ondorioz Fabrizio Ferrari sartu da lehenengo helmugan. Uruguaitarrak aitortu bezala, bigarren izan den Carlos Juezen gurpilean egin ditu azkeneko kilometroak.


Behin lasterketa amaitutakoan sariak banatu dituzte Elgetan. Ferrarik garailearen maillota, lore sorta, garaikurra eta eskopeta jaso ditu; Victor De la Partek Mendiko Sariaren garaikurra; eta, Egoitz Murgoitiok borrokalariarenaren saria.
Gainera, Ferrarik Euskalduna Sariko maillota jantzi du beste behin Euskal Herriko federazioko presidentearen eskutik.

 

Mandalunizek, agur

Aurten 25 urte bete ditu Elgetako lasterketak. Urte guzti hauetan Emilio Mandaluniz izan da lasterketako presidentea, eta antolatzailea. Aurten, presidente kargua uztea erabaki du, gazteei paso ematea, alegia.
Mandalunizek antolatzaileen eta herritarren esker ona jaso du. "Ez nekien horrelakorik prestatu didatenik", esan du amaieran. "Aurrerantzean laguntzeko prest egongo naiz, baina ez lehenengo ilaran", azaldu du. Elgetako lasterketak duen ospeaz harro zegoen Mandaluniz: "Urte hauetan izen handiko lasterketa bihurtu da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak