Alkateak azken agintaldia emankorra izan dela uste du

Larraitz Zeberio Lekuona 2007ko urtarrilaren 19a

Udalak 100 bat etxebizitza egiteko proiektua du Salbador kale ostean, 20 bat sozialak izango dira. Gainera, Hiru bat hilabete barru Salbador kalean pibotak jarriko dira.

Eguaztenean, urtarrilak 17an, izan zen Elgetako alkate Patxi Basauri Alberto Gorritibereak GOITBen zuzentzen duen Debarri saioan.
Otsailaren 1ean 31 urte egingo ditu Patxi Basaurik Elgetako alkate karguan. Laster amaitzear dagoen agintaldiaren gainbegiratua egin zuten elkarrizketa saioan.


Agintaldi honetako lorpenak zeintzuk izan diren galdetu ziotenean, Patxi Basaurik poligonoan egindako lanak, saihesbidea, frontoiaren berritze lanak, Espaloia Kafe Antzokia, Eguneko Zentroarekin eta haurtzaindegia nabarmendu zituen. Esan zuen, bestalde, zintzilik gelditu zaiola Mendi Museoaren proiektua.

Errepideak eta aparkalekuak
Herritarrek egindako galderak erantzun zituen Patxi Basauri alkateak eguazteneko saioan. Saihesbidearekin ekin zioten; lanon bigarren fasearekin, hain zuzen. Saihesbidea zortzi urteko epean eginda egongo dela esan zuen Basaurik. "Abuzturako proiektua amaituta egongo da eta asko jota saihesbideak eginda beharko luke 2015erako".

Arantzeta auzorako sarrera ere hizpide izan zuten Debarri saioan. "Egia da bidegurutze horretan ez direla Bergaratik datozen autoak ikusten. Kexa hori sartuta daukagu Diputazioan eta nik uste dut denbora gutxira konponduko dutela".

Kirol aisialdi gunea
Kirol instalazioen inguruko galdera ere egin zioten alkateari. Esan zuen arau subsidiarioetan onartuta dutela frontoitik Eibar aldera dagoen 20.000 metro koadroko eremu batean kirol instalazioak egitea. Proiektua egin gabe dagoela esan zuen. Oraindik ere luze joko duela ere onartu zuen.
Aurreratu zuen, ordea, uda honetan garraio zerbitzua jartzea aztertzen ari direla herritarrak Bergarako igerilekura joan ahal izateko.

Salbador eta San Roke kaleak
San Roke kalea berritu egingo dutela esan zuen alkateak. Bertan dauden aparkalekuak txukundu egingo dituztela ere aurreratu zuen. Salbador kalean, berriz, piboteak jarriko dituztela jakinarazi zuen. "Oinezkoendako gertatzeak luze joko du oraindik baina hiru bat hilabete barru pibotak jarriko ditugu autoen sarrera mugatzeko".

Garraio publikoa
Aspaldiko eskaera da hau Elgetan baina alkateak adierazi zuen erabileraren araberako garraio zerbitzua jarriko dela. "Lau hilabetean lau pertsonak erabili zuten Elgeta-Ospitalea autobus zerbitzua eta kendu egin genuen". Alkateak aurreratu zuen, gainera, hilabete barru Udalak kalera aterako dituela garraio zerbitzuen kostua eta erabilera datuak horrela herritarrak konturatzeko zenbaterainoko gastua suposatzen duen zerbitzu honek Udalarendako.
"Herri txiki guztietan gertatzen da", esan zuen alkateak." Zerbitzuak eskatzen ditugu baina gero ez gara kontsekuenteak". Hausnarketa bera egin zuen arrandegi eza eta iragarrita dagoen herriko harategi bakarraren  itxierari buruz galdetu ziotenean.

Asentzioko monumentua
Martxoaren 25ean Intxortako atea izeneko monumentua inauguratuko da Asentzion. Gerra zibilean hildakoen aldeko monumentua izango da eta Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria etorriko da inaugurazio ekitaldira. Ekitaldi ugari egingo dira martxoan; erakusketa Espaloian, bazkaria pilotalekuan, ekitaldia herriko plazan, Eibar eta Elgetako Udal elkarlanean egindako liburu baten aurkezpena... urtarril amaieran emango dituztela zehaztasun gehiago esan zuen alkateak.

Etxebizitza sozialak
Basaurik aurreratu zuen Udalak 100 bat etxebizitza egiteko proiektua duela Salbador kale ostean. "Hogei bat etxebizitza sozial egitea aurreikusten dugu promozio horretan". Esan zuen gainera, Torrealdeako etxebizitzak abendurako amaituta egongo direla eta Uruburukoak, berriz, 2008ko erdialderako.

Jubilatuen auzia
Ozkarbi eta Udalaren arteko auziaren inguruan Patxi Basaurik ez zuen ezer berririk esan. Udalak 6.000 euroko eskaintzen mantentzen duela esan zuen. "1.500 euro ematen zituen Udalak eta bat batean 9.000 euro eskatzen dizkigute. Salto handiegia da", esan zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak